Guztiok dakigunez aurreko legegintzaldian Bermeoko Udalak Itxas Gane zelaian behar beharrezkoak diren lanak egitea erabaki zuen. Bermeoko Udalaren nahia izan zen eta horrela jakinarazi zigun Bermeo Futbol Taldekooi, belar naturalezko zelaia belar artifizialezkoagatik aldatzea.
Hasiera baten esan ziguten proiektua idatzi eta lanak egiteko finantziazioa ahalik eta arinen lortuko zutela eta horrela, lanak egin ahal izango zirela udako geldialdian; beraz zelaia erabiltzeko moduan egongo zen 2019-2020 denboraldi hasierarako. Zoritxarrez, eta udalak egindako ahalegina egin arren, neurri honetako lan publiko batek eskatzen dituen baldintza tekniko eta administratiboak asko dira eta oraindik handiagoak behar diren baldintza ekonomikoak, eta guzti horregatik ezinezkoa izan da 2019. urtean futbol zelaia berritzea, guztiok horrela izatea nahi eta espero genuen arren. Udalak esan digu lan honekin jarraitzeko asmoa duela eta horretarako behar diren formulak bilatuko dituela 2020an lan hauek hasteko beharrezkoak diren baldintza eta epe guztiak bete ahal izateko.
Bermeo FTren eta Itxas Ganeko erabiltzaile guztien izenean eta orokorrean futbolzale guztien izenean, jasotako informazio guztia eskertu nahi diogu udalari, eta batez ere, udalarengandik Itxas Ganeko lanak ahalik arinen egiteko jaso dugun konpromisoa. Gure aldetik, gure laguntza osoa eskaintzen diegu.