2018ko Euskaraldian izandako bizipenak:
Ilusio handiz hartu genuen Euskaraldia, jakinda bermeotar txiki askoren geroko euskararen edo gaztelaniaren erabilera gure eskuetan zegoela. Gure erakundean ume umetatik hasten dira kirola egiten eta sarritan heldu izan arteko lagun taldeak egiten dira bertan.
Oso garrantzitsua da kirol/lagun talde honetan ze hizkuntza erabiltzen den eta zelako hizkuntza ohiturak sortzen diren. Hori dela-eta, gure erronka ez da makala! 11 egunek balio izan digute euskararen alderako pausua emateko, euskaraz gehiago berba egiteko eta batez ere futbolzelaian erabiltzen dugun hizkuntzak gure umetxo eta gazteen hizkuntza ohituretan duen garrantziaz konturatzeko.
2020rako desioak:
Talde moduan geurea den euskarari futbolzelaian, eta beraz bermeotar gazteen bizitzan, behar duen tokia ematea eta bermeotarron etxeetan hasten den euskararen bideari jarraitasuna ematea.
Gure nahia da Bermeoko futbol zelaiak, Itxas Gane, Penta zein Talape, euskararen ARIGUNEAk izatea eta horrela futbolarekin zerikusia duen edozein toki ere ARIGUNE izaten laguntzea.